miércoles, 28 de junio de 2017

EGUNSENTIA TXINDOKIN

Orain dela egun batzuk proposatu zidaten Txindokira ilargibetearekin igotzea, gailurrean egunsentia dastatzeko. Pirinioetan edo Alpeetan bakarrik egin ditut horrelakoak; etxean bertan, inoiz ez. Horregatik, paregabeko aukera iruditu zitzaidan naturaz gozatzeko konpainia ederrean.

Ni Billabonatik aterako nintzen eta Lazkaon elkartuko ginen “goizeko! 3:55ean. Gaueko hamarretan ohean egon arren, ezin izan ninduen loak hartu. Iratzargailua 3etan jarri nuen eta urduritasuna. nagusi. Oraingo honetan, igoera erraza zen, ez nituen kranpoian eta sokak beharko, baina hala ere zirrara ikaragarria egiten zidan nire buruan sortzen zen Txindokiren irudiak.

Iratzargailuak jotzeko hamar minutu falta zirela seko geratu nintzen. Halere, OHMMMMMMMMMM entzun orduko ohetik salto egin nuen. Zerbait gosaldu, trasteak hartu eta Lazkaorako bideari ekin nion. Errepidean bakardadea zen nagusi eta ziztu bizian iritsi nintzen euskaltegiko atarira. Kotxeetan banatu ginen eta Larraitzera abiatu ginen. Artean gaua izan arren, ilargiak dena argitzen zuen. Beraz, kopeta-argirik gabe hasi ginen mendian gora.



Zeruan izarrak ñirñirka ari ziren, bailaretan berriz herrietako argiak lanbroarekin nahasten ziren. Taldearen atzealdea osatzen genuen, betidanik gustatu zait tropeleko azkena izatea, ikuspegi hobea izateko.



Emeki-emeki gora goaz lurraren irregulartasunak oin azpian sentituz. Txoriek agurtzen gintuzten eta zuhaitzen itzalek lagun baten tatuajeak ekarri zizkidaten burura. Beste batean gonbidatuko beharko dut, seguru nago gustukoa izango duela horrelako esperientzia. Lehen etenaldia egin genuenerako arropa guztia motxilan zegoen gordeta, tenperatura goxoa zen. Tarte aldapatsua igotzean hasi zen haizea aurpegian kilimak egiten.

Artzainen txaboletara heltzean ilargia oheratu zen. Aitzkorri eta Aratz atzealdean; “ondo lo egin, politta, bihar arte”, agurtu nuen.


Eguna argitzen ari zen eta mendi gida lanari ekin nion. Gure barneko mamuak agerian geratu ohi dira mendian. Askotan bizi izan dut egoera hori. Mendiak irakatsi didan gauza garrantzitsuena hori izan da, nola aurre egin beldurrari burua kontrolpean edukiz. Baina zure lehen aldia denean zaila izan behar du. Nik jada ez dut gogoratzen, baina hala ere zure ondoan nago eta gailurrera eramango zaitut, zaude ziur. Nik aukera asko izango ditut; zuk, berriz, ez. Agian, zure bizitzan ez duzu berriro Txindokiko gailurra egunsentian zapalduko.



Pixkanaka-pixkanaka gora goaz eta “ez zara hemen geratuko, segi aurrera” mantra bihurtu da nire ezpainetan. Lepora ailegatzean haize boladak gero eta indartsuagoak ziren eta bita nire mantrako hitzak ere “oso gertu gaude, lortuko duzu, segi aurrera”.

Azkenean tontorrera iritsi gara. Denok gure zain daude, berdin zait ordea. Lortu dugu. Biak hemen gaude eta zutaz harro nago. Ziur nago biok zerbait ikasi dugula.


Mendi tontorretik ikuspegi zoragarria dago eta gure bihotzean epeltasuna. Esker anitz!!!!